Mikelioa (onddoen egitura) adarkatutako konexio-masa batek osatzen du, hifak deiturikoak, deskonposizio-prozesuetan laguntzen dutenak; ura eta informazioa lekualdatzen dituzte, eta, horrela, bizitza berria sortzen dute. Metafora hau erabiltzen dugu hemen Hifas deitzeko, gonbidatuek sinadurek proposatutako ibilbideei. Ivanen praktikaren artxiboa desegiten laguntzen duten hari batzuk, irekiera berriak sortzen dituzten beste begirada batzuk garraiatuz.
«Voronezh-en, Errusiako erdiko eskualde batean, 23 lagun hil dira, 13 haur eta 10 adin nagusiko, perretxiko jangarriak jan ostean; baliteke perretxiko horiek mutazio bitxiren bat jasan izana inguruko zentral nuklear baten erradiazioaren poderioz. Gainera, beste 170 lagun gaixotu dira. Albisteak nahasgarriak dira oso; hala ere, eskualdeko osasun-agintariek adierazi dutenez, substantzia ezezaguna da. Hildakoen autopsiek erakutsi dute kalte nabarmenak daudela gibelean eta giltzurrunetan». Gau osoa eman nuen ohean bueltaka, eta amesgaiztoa izerdituz iratzarri nintzen.
Soldadu haiek, esnatu berritan, suaren inguruan jarri ziren, berotu nahian. Arrautza-perretxikoen txapela gorriak egosten zebilen Piotr: ur likatsuari eragin, eta sua hauspotzen zuen. Landu gabeko alanbiketik, tantaz tanta, perla-azukrezko ur zurikararen gainean bahetzen zen zopa. Kosakoek Piotri begiratzen zioten, edabeari gero. Barrez ari ziren, gorputz-ikaraka, mirari baten zain dagoenaren berezko asaldurarekin. Ez zuten sekula dastatu nahasketa hura. Piotrek bai: gudarien lurraldekoa zen, Kamtxatkakoa, eta bazekien zer-nolako ahalmena zuen amodioasko delakoak borroka pizteko. Lapikoa pasa zien besteei, haien aurpegietako izuaz trufaka. Alemanek Berserkerwut deitzen zioten likoreak zekarren guda-grinari. Denek edan zuten: barre egin, marru, dantza, eta jendea akabatu.
Goizeroko osteran, basoko argiuneetara bideratzen zen Raimundo. Animalia-gorotzak nahi zituen, eta gerran ganadu gehiena sakrifikatu zenez, hara joan behar zuen bila, mendiak zein basa-animalian gordetzen zituen oihanera. Tindatuak, bizardunak eta galapernak biltzen zituen, ale umotuak, piztien hondakinen artean hazten baitziren. Eskasia-garaietan, tinta bikain bat ekoizteko behar zuen substantzia perretxiko horiei esker eskuratzen zuen. Perretxikoen izerdiari iltze apur bat gehitu, eta tinta txinatarraren antzeko zerbait eskuratzen zen. Nahasketa horri goma arabigoaren soberakin batzuk jarrita, finkapena aparta zen. Izan ere, Raimundok ez zuen utziko gerrak bere nobela geratzerik. Gurdian gordeta ematen zuen eguna, etenik eta zesarrik gabe idatziz. Bere historiak segurtasun txundigarriz idatzita zeuden; gogaikarria ere bazen hein batean: berak ere ez zuen ulertzen zergatik zeukan arraroa izatearen fama hura, are, arriskutsua izatearena. Gauero, Raimundok bere ohiturak betetzen zituen, goizero bezain zorrotz. Ondoko herrira jaisten zen, iluntzean. Aldirietako tabernaren batean gotortu, eta ginebra edaten zuen metodikoki. Ez zen sobera itsusia, baina aurpegian edema gorrituak izatera, emakumeei ordaindu beharrean suertatzen zen. Emakumeek ez zuten uste orbanek zerikusirik zeukatenik idaztearekin berarekin. Raimundok esaten zien nobelek eta ginebrak, batera, fama txarra izana zutela beti. Gurdira itzulita, goizaldeko ordu txikitan, botaka egiten zuen, oparo. Ondoren, perretxiko gazteen arrautzak jaten zituen —beti ekartzen baitzituen halakoak bere bilketa-saioetatik—. Eta, itzarrik, egun berriaren zain geratzen zen.
1952an, hiru heriotza gertatu ziren munduan, sintomatologia berarengatik. Australian, armada ingelesaren segurtasun-neurri eskasak tarteko, hainbat herritar aborigen hil ziren, lehen bonba atomiko britainiarraren proba-eremuan erradiazioa jasota. Polonian, berriz, hemeretzi lagun hil ziren landa aldeko bazkari batean mendi-sarea jan ostean, cortinarius orellanus. Texasen, gizon natibo amerikar batek, eldarnioan, bere burua eta bere senideak pozoitu zituen leherketa nuklearraren eztanda telebistan ikusi ostean. Bi leherketa nuklear eta perretxiko bat dauzkagu. Berariazkoa dei geniezaiokeen pozoitze bat, eta beste bat lañoa, ordura arte mendi-sarea jangarritzat hartzen baitzen. Gainera, orellanus terminoa, perretxikoaren kolore gorrikara deskribatzen duena, beste landare batetik dator, bija orellana -tik hain zuzen: landare tropikal horretatik erauzten zuten azalgorriek beren gorputzerako tindagaia eta izendapena. Hiru heriotzak taldean gertatu ziren, erritualen antzera, eta denak ere intoxikaziotik epe batera (hogei eta hirurogei egun bitartean). Sintomak honela abiatzen eta garatzen dira: goitikoa eta beherakoa, urdail-hesteetako minak, gehiegizko izerdia, deshidratazioa eta egarri gorria, gerrialdeko mina, kalanbreak eta dardara, gernu-jario irregularra, metal-zaporea ahoan, zefalea, logalea, giltzurrun-gutxiegitasuna, zurbiltasun nabarmena, ustezko ongizate-aldiak, hantura betazal-azpietan, anorexia, goragalea, kalanbre epigastrikoak eta giharretakoak, indar-galera nabarmena, logura, koma sakona eta heriotza.
Mahaxteak 19. Frantziako konstituzioa deuseztatu ostean, kontrairaultzaile ororen aurkako pertsekuzioa abiatzen da.
Mahaxteak 20. Pierre Bulliard, mikologo nabarmena, bere etxean atxilotzen dute, Parisen, arrazoiaren eta ordenaren arteko praktikak gauzatu dituelakoan.
Mahaxteak 22. Histoire des Champignons de la France liburuaren egileak, bere editoreari leporatzen dio hitzaurrean eskerrak jainkoari agertzearen ardura.
Mahaxteak 25. Iraultza-batzordeak aintzat hartzen du Bulliarden arrazoibidea, eta haren kondena geroratzen du. Hala eta guztiz ere, kartzelan uzten dute.
Mahaxteak 26. Aubepierreko eskribau batek, Bulliarden herrikidea, ezagutu egiten du, eta traidorea dela salatzen, aristokraziarekin elkar hartuta ibili delakoan.
Lainoteak 1. Hebert-zale batzuek kartzela hartzen dute, eta zenbait preso eramaten dituzte berekin, tartean, Bulliard, bere patua zein izango den ez dakiela.
Lainoteak 2. Bulliard, beste bi presorekin batera, han inguruko pinudi batera eramaten dute. Zuhaitz batzuetara lotzen dituzte; bitartean, zaindariak jan-edanean ari dira.
Lainoteak 3. Goizaldean, pinu batetik esekitzen dute Pierre Bulliard; minutu gutxi batzuen buruan, zendu egiten da, bizitza osoan gorde zuen isiltasun berarekin.
Lainoteak 4. Marasmius bulliardii delakoen kolonia bat hazi da adar batean: perretxiko horiek aurkitu zituena zintzilik dagoen adarrean, hain zuzen. Era berean, Himeola auricula judae delakoak hazi ziren Judas urkatu zuten intsusan.
Musika egiteko modu bat, Duchamp ikastea. John Cagek honako ohar hau jaso zuen: «John maitea, Kontuz Beste perretxiko pozoitsu bat. Marcel». Armillaria mellea delakoa, Cagek bere lagunarentzako opari gisa aukeratua, bizkarroi ezti-kolore arriskutsu bat da: elikatzen duten zuhaitzak hiltzen ditu azkenean. Jateko estimatua da, eta egosi ostean hainbat tankera har ditzake, zer espezietan bizi izan den kontuan hartuta, baina, hazi bitartean, beste perretxiko pozoitsu batzuekin nahas daiteke. Lehenik, oso gaztetan, Hypholoma fasciculare astunarekin. Handik gutxira, Cortinarius orellanus perretxiko hilgarriaren ale goiztiarrekin. Behin umotuta, Pholiota squarrosa delakoarekin, zeinaren testura eta usaina higuingarriak baitira. Osoki garatu dagoela, Tricholoma vaccinum mingotsaren ale gazteekin nahas daiteke. Adibide gehiago biltzen dira perretxikoei buruzko liburu guztietan.
Hona hemen bi herriren historia. Espazio geografiko berean bizi ziren: haranak eta lautadak, pagadi sarriak inguruan. Iturburu berak hornitzen zituen urez biak. Bien aberastasuna zen gari-, olio- eta ardo-ekoizpena. Bi herrietako diseinua antzekoa zen: ordena arrazionalista eta memoria historikoa uztartzen ziren. Herritarrak asanblada bidez antolatzen ziren. Organismo demokratikoek zuzentzen zituzten bi herriak, eta herritar guztiek hartzen zituzten ardurak. Delituak, baldin eta hala deitzen bazitzazion giza jokaeraren bati, gutxienekoa ziren. Gaixotasunak ziklo biologikoen aniztasunari zegozkion. Festak urte osoan egiten ziren, urtaro-aldaketen arabera. Bi komunitateetan ardo bikaina ekoizten zen. Bi herrietan baziren irakurle porrokatuak eta gastronomo apartak. Ahoz aho erabiltzen zituzten maitasuna, bakea eta harmonia. Bihotz-taupaden arabera neurtzen zuten denbora. Baina, batzuek, Cantharellus cinereus perretxikoari, Oparotasunaren Adarra deitzen zioten, eta besteek, berriz, Hildakoen Tronpeta.
Australiako tropak Bordelen lehorreratu zirenean, 1914an, bestelako inbasio bat ekarri zuten. Anthurus archeri-ren milaka espora garraiatu ziren armada kolonialaren zalditeriaren ilean. Perretxiko australa bere ibilgailuarekin batera joan zen, lehenik, Parisera; handik, hedatu egin zen: Soissons aldera, Reimsera, Mosa ibaiaren erriberara, Lorena eskualdera, Épinal, Estrasburgo eta Mulhousera. Anthurus archeri edo Anthurus aserceformis perretxiko exotiko bat da, izar-tankerakoa, gorri bizia marrazki beltzekin, eta usain higuingarria dario. Udazkenean garatzen dira, eta Rhin ibaiaren ertzera iritsi orduko, Mulhousetik hurbil zehazki, basoak horitzen ari ziren. Colmar, Guebwiller eta Thann inguruko basoetan hazten hasi ziren, orban gorri zabalak osatuz, aliatuen armadak atzean utzitako arrastoarekin nahasten zirelarik maiz. Kiratsari zegokionez, nor baino nor zebiltzan hilotz ustelduak eta basidioen gleba oliba-kolorea. Mulhousen hainbat kondaira bitxi hedatu ziren, besteak beste, sarraski batekin lotzen zen Thann inguruko basoen kirats sarkor eta nazkagarria: 1914ko abuztuko guduaren ostean, Arkularien Errege Guardia hungariarrak preso frantziarrak akabatu zituen. Arkularien [archeros] eta mizelioen artean ezar litekeen lotura ez da zuzena: izan ere, perretxikoen izena William Archeri mikologo irlandarrari zor zaio, ezen ez soldadu hungariarrek zeramaten arkuari, zeinak lantzaren muturrean laban luze bat baitzeukan. Badirudi historia hori zientzialari alemanek asmatu zutela: nazional-sozialismoaren pean, zenbait gezur eta asmakeria zabaldu zituzten, nazio alemanari herri-mikologiaren kultura bat eransteko, nahiz eta, berez, halakorik ez izan. Besteak beste, perretxiko bakoitzari izen arrunt bat jarri zioten, zuzenean latinetik itzulita. Hala, Anthurus archeri-ri petaloen lantza edo arku-koroa deitu zioten.
Patagonian ibili eta gero, Charles Darwin txundituta geratu zen bi konturekin: batetik, Suaren Lurraldeko biztanleak erabat biluzik ikusi zituelako —salbai bat ikusten baduzu, biluzik, bere jaioterrian, ezin duzu inoiz ahaztu—; bigarrenik, landare guztien artean perretxiko gordinak baino ez zituztelako jaten —muzilago-zaporea dute, zertxobait gozoa—; basoan biltzen zituzten, fruta batzuekin batera. Handik hainbat urtera, kasualitate horren kausak ondo ezagutzen ez direlarik, erabaki koherente bat hartu zuen. Goiz batean, negutegian metodikoki lan egiten aritu ostean, Wilberforce andereñoari dei egin zion —giltzaina eta alaben irakaslea—, eta zera agindu: goizero, alabak esnatu eta sukaldera jaitsi aurretik betiere, oso goiz, lorategira ateratzeko orgarekin, ostera bat egin, eta perretxiko guztiak biltzeko eta suntsitzeko, falo-itxurakoak bereziki, eta, zehazki, Phallus impudicus delakoak, zeinak guztiz oparo hazten baitziren arrosadietan udaren amaieran eta udazken hasieran, haiek topatzea eta ikustea neskatoentzat guztiz desegokia izango zelako, eta batere ez hezigarria.
Hauslabjocheko gizona, Oetztalekoa, Similaunekoa, Tirolekoa edo izotzetakoa. Ohitze aldera, haren izena laburtu beharko genuke. Dei diezaiogun Guzmán. Guzmán izen ona da. Egokia, herri zeltaren usadioetatik hain gertu dagoen batentzat. Herrixkako artista zen Guzmán. Posizio nabarmena zuen, figura ia erlijiosoa zen komunitatean. Lanean zegoela ustekabean harrapatzen bazuten, heriotza-zigorra ere jaso zezakeen dena delakoari. Gainera, erabateko askatasuna zuen: ez zien errespeturik erakusten ehiztariei, eta herrixkako edonorekin arrimatzen zen, nahieran. Haurra zela, maisuak zikiratu egin zuen, iniziazioko irakaskuntza-errituen barruan. Gainera, azala tatuatu zioten. Gurutzeak, zuzenak eta zirkuluak ezaugarri magikoak zituzten, bere artifizioetarako behar ahala. Guzmán, bada, eskultura berri bat lantzen zebilen. Zutoin berri bat, biziagoa, errealagoa, urtero bezala Hartzaren garaipena ospatzeko. Gertakari politiko nagusia zen hura. Urterik urte asmakizun eta sorkuntza apartagoak sortzen zituen. Denek oroitzen zuten. Lehenik, larru-zerrendak eta sasitzak josi zituen, gorputza osatzeko. Buruan, berriz, hartz-garezur bat, lokatzez eta koipez estalia. Mekanismo baten bitartez mugituko zen. Ahoan, supizteko ardagai puska bat —sua egiteko baliatzen zen perretxiko bat—, mihiarena egiteko; hala, hatsaren lurruna antzeratzen zen, eta suzko hitzen ilusioa hauspotzen, hartzaren marruak eta mihiko silaba magikoak bat egiten zuten unean —a, r eta g—. Hartz eraisgarri bat aurkeztea, hura umiliatzeko eta zigortzeko; horixe zuen zeregina. Baina zeremoniak huts egin zuen. Supiztekoa gehiegi hauspotu zen, eta hartzaren figura osoa kiskali egin zen. Kasu horretan, argi zegoen zer egin behar zuen. Sutara jauzi egin, eta figurarekin batera immolatu. Ez zen hala izan. Suak eragindako harridura eta izuan, lasterka abiatu zen Guzmán. Eskura zeukana hartu zuen: kobrezko aizkora, animalien larru-pusketak, supizteko ardagaia, belar eta mitxoleta batzuk. Mendietarantz jo zuen, herriak erreakzionatu bitartean. Legea hautsi zuen: zigortu egin behar zuten, eta bere bila abiatu ziren ehiztariak. Oetztale mendiaren magalean ikusi zuten. Gezi pozoitsuren batekin eman ziola esan zuen inork. Guzmánek supiztaile ardagaiarekin sendatu zituen zauriak —perretxiko horrexekin osatu zituen, orobat, zikiratzearen zauriak, eta perretxiko horrek piztu zuen bere kondenaren zen askapenaren sua—, eta gorantz jarraitu zuen. Hotz ikaragarri batek hartu zuen, lo-belarraren moduko hotzak. Logale, bada, bizitzari eta heriotzari eman zitzaion.
Formak, berez, efikazia semiotikoa duela pentsatzea, alegia, pentsatzea esanahia duela, edozein mintzairak bezala, falazia bat da beharbada. Egiaz, irudikeria kultural bat da. Formek ez dute hitz egiten, baina, irakurri daitezke, bai. Hala, amanita muscaria delakoak, adibidez, batzuetan perretxiko jangarriak antzeratzen ditu, eta batzuetan laranja bihurtzen da, amanita caesarea bezala; orduan, esan genezake hitz egiten ari dela. Hau da, jaten dugunean eta tripako mina egiten zaigunean eta aluzinazioak ditugunean, egiaz perretxikoa da, hizketan. Forma horrek, zeinak, txapelean, geure letrek bezalako irregulartasunak dituen, geure letrek bezalako zimurdura tipografikoak, kolore biziago bat hartzen du beti —laranjakara baldin bada, laranjen moduko laranja da—, distiratsua eta erakargarria. Are, badirudi bere erakarmen-gaitasuna gizakientzat pentsatuta dagoela beren-beregi. Hots, animaliei —beste balizko harrapakari batzuk aipatzearren— ez zaizkie gizakiei, eta bereziki haurrei, bezain atsegingarriak iruditzen.
Ildo horretan, antzinako munduan eta mundu modernoan merkantziak ekoizteko moduen arteko desberdintasunez gogoeta egin zuen Walter Benjaminek. Merkataritza berria, funtsean, artisau-objektu zaharren antzeratze distiratsu gisa aurkezten da. Hasieran, kontsumitzaileak nahiago du tresna berri eta faltsua, ez efikaza delako, ezpada, bere berritasun berariazko eta hutsarengatik. Baina mekanismo horrek, errepikatzearen errepikatzeaz, zaharkituta uzten du antzinako objektua, eta horren faltsutze bilakatzen da, zaharkitzen; Günther Andersek salatu bezala, merkantziaren forma nabarmena hartzen du. Aintzat har dezagun prozesu hori behin eta berriro errepikatzen dela, harik eta gaur egungo egoerara iritsi arte, non objektuaren kalitatea guztiz eskasa baita, eta desegokia objektuaren hasierako erabilerarako. Hala, xake-makinaren —materialismo historikoaren— barruan ezkutatutako nanoa jada ez da teologia, ezpada, sinpleki, ipotx bat, txapel gorria buruan, muscaria-ren kolorea antzeratuz: etxearen aurrealdean eta lorategian jartzen den igeltsuzko figura hori, estropezu eginarazten digun oztopoa.
Une batean, gaztelaniazko jeta [aurpegia], hau da, muturra, seta [perretxiko] bihurtu zen. Lunfardoak oraindik ere gordetzen du adiera hori. Aurpegia, izan ere, muturretik hasi zen. Animalien usaimenarekin lotuta dago: horra hor, esate baterako, trufa-zerri famatuak. Eta, hala, aurpegian duen garrantzia dela-eta, hazpegiei osorik deitzeko baliatzen da orain. Muturra behar da, gero!; hori da esanahia, zoruan tarrasean ibiltzea. Batzuetan muturrez aurrera erortzen gara, edo zorua usaintzen dugu. Mekanismoa ez da inondik ere ohikoa mintzaira metaforikoan, eta zaila da irudikatzen non eta noiz iritsi zen «seta» izatera «jeta». Nobela pikareskoan, baina, maiz gertatzen dira halako bitxikeriak. Corominasek lengoaiaren «ustelkeria» esaten dio, eta berak ematen dio «seta» hitzari adiera bikoitza: batetik, gauza ustela, eta, hortik, lizuna, lirdinga eta perretxiko izeneko onddoa. Hala, «septa»tik dator «seta», septizemia edo antiseptiko bezala hain zuzen, edo «hobi septiko» bezala. Seta: hizkuntza bainoago, mordoilo.
Mizelioa: sustraiak bilatzea da airekoak inguru-minguru ibiltzeko baliatzen duen lurpeko forma.